XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Berrikus ditzagun orain lehen atal honetan ikusi ditugun kontzeptu nagusiak: posizioa, desplazamendua, distantzia, abiadura eta higiduraren adierazpen grafikoa. Ea horiek aplikatzen dakizun.

Azter itzazu proposatzen dizkizugun ariketa hauek eta erantzun iezaiezu galderei.

1) Erantzun itzazu berriro 4. jardueran (10. eta 11. orrialdeak) planteatzen zitzaizkizun galderak eta aldera itzazu orduan eman zenituen erantzunekin.

2) Kalkula ezazu batez besteko abiaduraren zenbait egiazko balio. Lehenbizi estimazio bat egin dezakezu eta ondoren esperimentatuz egiaztatu. Esate baterako: a) Zein da zu bezalako gazte baten batez besteko abiadura oinez dabilenean? / b) Eta lasterka ari dela?

3) Kalkula ezazu orain abiadura-probetako eta iraupen-lasterketako atleta txapeldunen batez besteko abiadura.

a) Florence Griffith atletak 1988an emakumezkoen 100 metroko lasterketaren marka 10,49 s-tan ezarri zuen. Zenbatekoa izan zen batez besteko abiadura?

b) Zenbatekoa litzateke Martin Fizen abiadura, baldin eta maratoi bat 2 h 6 min eta 50 s-tan beteko balu?

Auto bat Nafarroako A-15 autopistako 36 km-an dago. Abiadura konstantea mantenduz desplazatzen da, eta 5 minututan ibili ondoren 44 km-an aurkitzen da. Balaztari eragin, biratu eta orain aurkako norantzan 10 minututan 12 km egiten ditu.

Higiduraren amaieran: a) Zein da autoaren posizioa? / b) Zein izan da desplazamendua? / c) Zenbatekoa da egindako distantzia? / d) Zein izan da batez besteko abiadura? / e) Marraz ezazu higidura deskribatzen duen s-t grafikoa.